Consumo de electricidad en los trasteros de las Comunidades de Vecinos

Elektrizitate-kontsumoa, jabeen erkidegoetako trastelekuetan

Gaur egun, garapen soziala indartzeko, energia mota desberdinak erabiltzeko gero eta behar handiagoa daukagu. Hala ere, energia gehiegi kontsumitzearen ondorioz, ingurumena hondatzen ari gara. Hori dela eta, energia lortzeko moduak –esaterako, elektrizitatea– aurreztea gizaki guztiok serio hartu beharko genukeen gai bat da. Baita jabeen erkidegoek ere.

Horregatik, jabeen erkidegoetako arduradunek finken jabeen artean sustatu behar dute elektrizitatea eraginkortasunez kontsumitu behar dela, eraikineko espazio guztietan, denentzako guneetan, etxebizitzetan eta trastelekuetan. Baina, trastelekuetan? Pentsa liteke espazio horietan ez dagoela energia elektrikorik, baina ez da beti horrela.

Eraikin batzuetan, erabiltzen ez dituen, hondatuta dauden edo, besterik gabe, etxean izateko oso handiak diren objektuak gordetzeko toki bat dauka jabe bakoitzak. Trastelekuek independentzia eta pribatutasuna eskaintzen dituzte, eta, askotan, hainbat instalazio egiteko erabiltzen dituzte jabeek, hala nola instalazio elektrikoak.

Dena den, desberdindu egin behar dira, alde batetik, trastelekuak, eta, bestetik, bilera-gelak, musika-tresnak jotzeko tokiak, dantzalekuak, animalientzako eremuak, zabortegiak eta hozte-gelak. Azken horri dagokionez, finken jabe askok trastelekuak erabiltzen dituzte tenperatura oso baxuan gorde behar diren elikagaietarako aparatuak jartzeko.

Eta makina horiek martxan jartzea eraikineko elektrizitate zentralaren mende dago. Zera esan nahi du horrek: etxebizitza guztiak hornitzen dituen elektrizitatea iturri berekoa da. Hori dela eta, jabeen erkidegoetako jabe guztiek ordaindu behar dute, hozkailua izan nahiz ez izan.

Eta, horregatik, jaberen batek gehiegi kontsumituz gero, zerbitzu elektrikoa ordaintzeak arazoak eragin ditzake jabeen artean. Egoera hori konpontzeko, beraz, lehendabizi egin behar dena da zerbitzua gehiegi erabiltzen den ala ez jakitea. Ondoren, jabeen erkidegoko arduradunei jakinaraztea, ahalmena baitute jabe bati jakinarazteko besteei kalte egiten dien ekintza bat gauzatzen ari dela.

Hala ere, finken administratzaile guztiek ez diote egoera gatazkatsu horri aurre egiten; batzuek, ezjakintasunagatik, eta beste batzuek, arazoak ekiditeko. Baina, egin al da inolako araurik hori kontrolatzeko? Bai. Jabetza Horizontalaren Legearen 7.1 artikuluak azaltzen du apartamentu baten jabeak nahi duena aldatu eta jar dezakeela, baldin eta ez badie kalterik eragiten beste jabe baten eskubideei. Beraz, inork hozkailuren bat jartzen badu bere trastelekuan, kontuan izan behar du aparteko elektrizitate-kontsumoa jabeen erkidego guztiak ordaindu behar duela, salbuespenik gabe. Eta, ondorioz, konponbide posible batek kalte egiten dio beste batzuen eskubideari.

Jabe bati esaten bazaio ezin duela elektrizitatea neurririk gabe erabili, trastelekuko hozte-gailuen bidez, eta hark ez badu kasurik egiten edo neurrigabekeria ukatzen badu, egokiena da monitorizatze-sistema baten bidez iruzur egin duela erakustea. Sistema horretan, errendimendu-adierazleei esker (KPI), energia ezartzeko plan bat garatzeko kontrol-tresnak konbinatzen dira. Gailu erabilgarri horiek kostuak murriztu eta iruzur posibleak hautematen ditu, energia elektrikoaren erabilerari dagokionez, eta kontrolatzaile indibidualik ez dagoenean erabiltzen dira.

Baina kontrol-neurriek ez dute balio jabeek ez badute beraien trastelekuei ematen dieten erabileraren gaineko ardurarik. Ondorioz, jabeen arteko liskarrak prebenitzeko, finken jabe guztiek onartu beharko lukete trastelekuetan nahi dutena izan dezaketen arren ezin diela kalterik eragin gainerakoen eskubideei.