Erkidegoko presidente izatea, oparia edo zigorra?

Erkidegoko presidentea etxe-jabe bat da, bizilagunen legezko ordezkariaren lana egiten duena eragiten dieten gai guztietan. Betebehar batzuez arduratu behar da izendatzen dutenetik: jabekideen batzarrak deitu eta zuzentzea, erkidegoaren ekintza judizialak gauzatzea, jabekide berankorrei zorrak ordaintzeko eskatzea, gastuak eta aurrekontuak onestea, jabekideen batzarrean onartutako erabakiak betearaztea eta bere eskumeneko beste jarduera batzuk betetzea.

Bizilagun batzuei gustatu egiten zaie erkidegoaren alde lan egitea eta beti daude prest beharrak zeintzuk diren ikusteko eta horiek konpontzeko moduak bilatzeko, une horretan presidente ez badira ere. Horrelakoetan erraza izaten da presidentearen lana egitea. Alabaina, kasu gehienetan kontrakoa gertatzen da, hau da, jabekideei ez zaie gustatzen obligazio horiek onartu behar izatea eta benetako zigorra da urtebetez erkidegoko presidente izatea.

 

Nork izendatzen du erkidegoko presidentea, eta nola?

Presidentearen izendapena jabekideen batzarraren eskumena da, eta jabeen gehiengo soilarekin lortutako akordio baten bidez egiten da. Erkidegoko presidente izateko hautagairik ez dagoenean, legeak bi aukera aurreikusten ditu izendapenetarako: zozketa eta nahitaezko txandaketa.

 

Zer gertatzen da ez badut erkidegoko presidente izan nahi?

Ia inori ez zaio gustatzen presidentearen lanak egin behar izatea, baina uneren batean egokitu egiten zaie ia guztiei. Askotan presidente izan nahi ez izateko arrazoiak dira egitekoak argi ez izatea eta gehien-gehienek ez dutela bere gain hartu nahi beren etxeko atetik kanporako ardurarik.

Presidente aukeratu bazaituzte eta ez baduzu lan hori bete nahi, Jabetzea Horizontalari buruzko Legean xedatutakoaren arabera, postua nahitaez bete beharrekoa da eta, ondorioz, ez dago uko egiteko aukerarik. Alternatiba bakarra da bizilagunek jabekide bat presidente-lanetatik salbuestea, kasuan-kasuan egokitzat jotzen diren inguruabar bereziak direla eta. Kasu horretan, epaile eskudunak erabakiko du salbuespen hori onartzen duen edo ez.

Ez da erkidegoaren interesekoa lan hori benetan egin nahi ez duen batek bete behar izatea, horrek bizilagunen interesei kalte egin baitiezaieke.

 

Zer gertatzen da aukeratutako presidentea ez bada gauza karguaren egitekoak betetzeko?

Zenbaitetan, hautatutako jabea ezin da lanaz arduratu, adinagatik edo inguruabar bereziren bategatik (esaterako, gaixo egoteagatik). Horrelakoetan, gomendagarriena zera da, erkidegoak beste jabekide bat aukeratzea kargurako.

 

Izan al daiteke erkidegoko presidente bizilagun berankor bat?

Ez dago legezko oztoporik bizilagun berankor bat erkidegoko presidentearen karguan aritzeko. Edonola ere, inguruabar horrek eragina izan lezake erkidegoan eta bizilagunen arteko bizikidetzan, presidenteak utzikeriaz joka bailezake erkidegoaren kuotak kobratzerako garaian.

Informazio hau interesgarria iruditu bazaizu, gogoratu zure sare sozialetan partekatzeaz.