Consentimiento tácito en las Comunidades de Propietarios

Isilbidezko adostasuna, jabeen erkidegoetan

Eraikin batean bizi den orok errespetatu behar ditu gizarte-hitzarmenak, bai eta higiezinari lotutako guztia kontrolatzen duen araudia ere: garbiketa, mantentze-lanak eta jasan ditzakeen barne- eta kanpo-aldaketak. Pisu bat erosi edo alokatzean, jabeak bete egin behar ditu denentzako guneak dituzten etxebizitzetako bizikidetasuna arautzeko ezarritako lege eta eskakizunak.

Ondorioz, jabe batek bere onibarrean egiten duenak eragina izango du gainerakoengan, eta, beraz, jabeen erkidegoko estatutuek jabeen jarduketak zehaztu behar dituzte, besteen eskubideei kalterik ez eragiteko. Horrela, finken jabeen artean harreman harmoniatsua zaintzen da, eraikin batean bizitzea pozgarria izan dadin guztientzat.

Aipatu beharra dago etxebizitzen jabeen eskubideetako bat espazio pertsonalen itxura nahiz funtzionamendua hobetzea helburu duten zenbait praktikatan oinarritzen dela. Era horretan, ohikoa da jabeek aldaketak egin nahi izatea beraien etxeetan, espazio fisikotik ahalik eta onura handiena ateratzeko. Dena dela, lehen aipatu dugun bezala, eraikin batean egiten den guztia jabeen erkidegoaren eskumena da.

Beraz, jabe batek ezer eraiki edo jarri nahi badu bere apartamentuan, jabeen arduradun zuzenen baimena izan behar du. Adostasun deritzo lizentzia horri. Ekintzaren bat oztoporik gabe egiteko ematen den baimen edo onarpena da adostasuna. Legeari erreparatuta, bi adostasun mota daude: esanbidezkoa eta isilbidezkoa.

Horri dagokionez, esanbidezko adostasuna izango da hitzez adierazten bada; hau da, ahoz, idatziz edo ezin nahasizko zeinu komunikatiboen bidez. Isilbidezko adostasuna, berriz, adostasuna dagoela aurresuposatu edo susmatzea eragiten duten ekintzen ondorioz gertatzen da. Oro har, jabeen erkidegoetan, horrek esan nahi du jabe batek asmoa duela bere etxebizitzan birmoldaketaren bat egiteko, eta, horretarako, finken jabeen batzorde nagusiaren onespena izan behar du.

 

Noiz sortzen da isilbidezko adostasuna, jabeen erkidegoetan?

Ez da erraza azaltzea, baina bada ezaugarri bat jabeen erkidegoko arduradunek baimen mota hori aktibatu dutela adieraz dezakeena: isiltasuna. Hau da, jabe batek birmoldaketaren bat egiten badu bere etxebizitzan eta finken administratzaileek ez badute obra eteten ahozko jakinarazpen baten bidez, jabeak pentsa dezake jarduteko baimena duela.

Jabetza Horizontalaren Legeak bermatzen du hori, eta, horrez gain, ez du ezartzen isilbidezko adostasuna dagoela zehazteko ez eperik ez baldintzarik, denentzako elementuen instalazio, berreraikuntza eta birmoldaketei dagokienez. Dena den, erantzun argiagoa eskuratzeko, beharrezko irizten da doktrina- eta jurisprudentzia-iritziaz baliatzea; hau da, gomendatzen da Auzitegi Gorenak gai horren inguruan egin dituen irizpenetara jotzea.

Auzitegi Gorenak adierazi du isiltasunak, Jabetza Horizontalaren Legeak dioen moduan, denentzako elementuetan onartuta ez dagoen ekintza baten aurrean, isilbidezko adostasuntzat hartu eta barne-legeriaren (estatutuak) aurkako jarduketak babes ditzakeela, jabeen batzordeak esanbidezko jarduketarik ez egiteagatik. Gainera, bermatzen du baimena aktibatu egiten dela kasu hauetan: erkidegoak obraren berri badauka eta bere jarrera pasiboa bada, adostasun-ebidentziak badaude eta ekintzak gauzatzean atzerapen desleial posiblerik badago.

Bestalde, Auzitegi Gorenak isilbidezko baimentzat hartzen du egindako obrak ez badie jabeen erkidegoaren interesei aurka egiten edo mesede egiten badie. Garrantzitsua da aipatzea gutxieneko isiltasun-epeari dagokionez, Auzitegiak aurreikusten duela isilbidezko adostasuna dagoela, esaterako, tximinia bat jartzen denetik zortzi urte igaro ondoren edo terraza bat itxi eta sei urte igaro ondoren. Baina ez dago horrelako baimenik teilatu bat jarri eta bost urte igaro ondoren eta terraza bat itxi eta bost urte igaro ondoren.

Laburbilduz, isilbidezko baimenik dagoen zehaztea ez da zeregin oso espezifikoa, eta emaitza zehaztugabeak ateratzen ditu. Hortaz, irizpide-gorabehera hori ekiditeko, jabeei gomendatzen zaie etxebizitzaren barruan nahiz denentzako guneetan birmoldatu edo instalatu nahi dutenaren berri ematea jabeen batzordeari, adostasuna eman dezan; eta, ahal bada, esanbidezkoa.