Jabeen erkidegoko bizikidetza-arauak

Erkidego batean bizi direnek arauak bete behar dituzte ezinbestean, interes komunak daudelako. Jabetza pribatua errespetatzea da guztion nahia. Jabeak edo okupatzaileak ezin du egin bere apartamenduan edo eraikinaren gainerako guneetan estatutuetan debekatutako ekintzarik, ez eta gogaikarriak, osasungaitzak, arriskutsuak edo legez kanpokoak direnak ere.

Hona hemen erkidego batean bizi direnek errespetatu beharreko arau batzuk

  • Eraikineko edo eraikin-multzoko eremuetan ez da paperik edo zaborrik botako, eta ezin dira espazio komunak bizikletekin edo bestelako ibilgailuekin okupatu.
  • Norbere etxeari dagokion eskaileraren tartea garbitu behar da, astean behin gutxienez.
  • Etxean obrak egitean edo etxez aldatzean, arduradunak zikindu duen guztia garbitu beharko du, ordua edozein dela ere.
  • Ez dira kanpoko edo barneko fatxadak aldatuko. Halakorik egiten duen jabeari egindako guztia desegiteko eskatuko zaio, eta fatxada aurreko egoeran uzteko.
  • Ezingo da iragarkirik edo publizitaterik jarri erkidegoaren baimenik gabe.
  • Jabekideak ahalegindu behar dira eraikineko lasaitasuna urratzen duen zaratarik ez egiten.
  • Erkidegoaren elementu guztiak babestuko dira.
  • Kaltetutako elementu komunak konpontzeko eskatuko zaio kaltetu dituenari.
  • Etxeko animaliak dituztenek arreta berezia izango dute animalion presentzia bizilagunentzako gogaikarria izan ez dadin. Animaliak ezin dira aske ibili eremu komunetan.
  • Jabeek udalari jakinarazi behar diote animalia bat daukatela. Maskotek beti eraman behar dute identifikazioa gainean. Uhalaz lotuta eraman behar dira kalera irtetean eta, oldarkorrak badira, moxala ere jarri behar zaie.
  • Debekatua dago txakurrak eraikineko terrazan geratzea; gaua etxebizitza barruan eman behar dute ezinbestean.

Bizikidetza ez da gauza erraza eta, horrexegatik, aurreko iradokizun guztiak betetzera animatzen zaituztegu, bizilagun guztiak harmonian bizi daitezen elkarrekin. Errespeta ezazu, zu zeu ere errespeta zaitzaten: horra hor bizikidetza ahalik eta ondoen joateko lelo egokiena.

 

Bizilagun guztiek tolerantziaz jokatu behar dugu; denok ez dugu berdin pentsatzen eta modu zibilizatuan hitz eginda ulertzen dugu elkar pertsonek.

Erkidegoan behar bezala bizi ahal izateko, tratu jator eta atsegina izan behar dugu gainerako bizilagunekin: besteak agurtu, beti laguntzeko prest izan baina, aldi berean, mugak ezarri. Gainera, beharrezkoa da bizikidetza-arauak betetzea gainerakoen eskubideak errespetatzeko.

Bizilagun batzuei ez zaizkie portaera jakin batzuk gustatzen. Horrelakoetan, gaia adimenez tratatu behar da; adibidez, erkidegoko bileretan gaia aipa daiteke. Bestela, zuzenean joan zaitezke bestearengana, errespetuz hitz egiteko, asaldatu, iraindu eta tratu txarrik eman gabe. Helburua ez da giro txarra sortzea, aldamenean dituzunak errespetatzea baizik.