Jabekideen erkidego baten zerga-betebeharrak

Jabetza Horizontalari buruzko Legeak jabeei ezartzen dizkienetatik haratago, jabekideen erkidego guztiek dituzte estatuarekiko zerga-betebehar batzuk, zerga-organoen bidez gauzatu beharrekoak. Jabeen erkidego batek jarduera ekonomikoak gauza ditzake; adibidez, terraza aloka dezake satelite-antena bat ipintzeko edo publizitateko iragarkietarako egitura bat jartzeko. Horrelakoetan, BEZaren subjektu pasiboa dela jotzen da. Hau da, BEZaren aitorpenak aurkeztu beharko ditu, eta emandako zerbitzuei dagokien zerga ordaindu. Alabaina, aukera izango du zerbitzu horiek emateko beharrezko zerbitzu edo obren BEZa kentzeko (adibidez, zerga-aholkularitzakoak edo fatxaden konponketa-lanenak).

Gainera, horrelako erkidegoek 347. eredua aurkeztu behar dute. Nahiko kontu berria da hori, 2014tik aplikatzen baita. Hortaz, hirugarrenekin egiten dituzten harreman ekonomikoak adierazi beharko dituzte bertan, eskuratutako ondasunengatik edo beren aldeko zerbitzu-emateengatik, beren jarduera ekonomikokoak izan ala ez izan (uraren eta elektrizitatearen zerbitzuak, ondasun edo elementu komunen eskubideen aseguruak eta erregaiak izan ezik), 3.005,06 eurotik gorakoak badira edozein alderdirekin. Informazio hori urtero bete beharko da, eta otsailean aurkeztu behar dira aurreko urteari dagozkion datuak.

Azkenik, jabeen erkidegoek pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga atxikitzeko betebeharra dute, baldin eta profesional baten zerbitzuak kontratatzen badituzte. Zergen Zuzendaritza Nagusiak berretsi zuen hori 2014an, esan baitzuen jabeen erkidegoak sartu egingo zirela jarduera profesionalen etekinen errentak atxikitzeko edo kontuan ordaintzeko betebeharra duten eragileen artean. Atxikipen horiek hiru hilean behin ordaindu behar zaizkio Ogasunari. Gainera, erkidegoak urteko laburpena egin beharko du. Kasu honetan, ez da ahaztu behar profesionalak ordaintzaileari jakinarazi behar diola atxikipena egin behar zaien zer errenta jasotzen dituen, bai eta atxikipena edo kontuko ordainketa kalkulatzeko inguruabarren berri eman ere.