Deben-los-locales-pagar-la-cuota-de-la-Comunidad-de-Vecinos

Lokalek ere ordaindu behar al dute auzokideen erkidegoaren kuota?

Gure eraikinetako merkataritza-etxabeetan edo lokaletan askotariko negozioak egon ohi dira, hala nola janariak eta beste gauza batzuk saltzeko dendak, txakurrentzako ile-apaindegiak eta aholkularitza juridikoa emateko bulegoak. Horrelako tokiak, etxebizitzak bezalaxe, auzotarren erkidegoaren mende daude, eta erantzukizun handia ematen die horrek merkatariei.

Oso ohikoa da jabekidetza batean, etxebizitzak ez ezik, merkataritza-jardueretarako lokalak ere egotea eta, horregatik, higiezin baten jabeen erkidegoan halako zalantzak sor daitezke. Normalean, merkataritza-lokalak (gehienak, behinik behin) eraikin bateko etxabean egon ohi dira, eta haien kokapenak zalantzak eragin ditzake jabeen artean: lokal horien jabeek ere ordaindu behar al dute jabekidetzak finkaturiko kuota finkoa? Zenbaitzuentzat, erantzuna oso argia da; alabaina, zenbait alderdi ebaluatu behar dira erantzuna eman baino lehen.

Bai, etxebizitza edo merkataritza-lokal baten jabe guztiek ordaindu egin behar dute auzotarren erkidegoaren arduradunek proposatutako zenbatekoa. Erantzukizun hori Jabetza Horizontalaren Legeak bermatzen digu, jabeen betebeharrak biltzen dituen 9.1.e artikuluan. Beraz, finkaren mantentze-lan orokorrekin, zerbitzuekin eta karga ez-indibidualekin loturiko gastuak ordaintzeko dagokion parte-hartze kuota ordaintzea da jabeen betebehar horietako bat.

Hala eta guztiz ere, zenbait kasutan, saltokiak jabekidetza baten barnean badaude ere, haien jabeek ezin dute zuzenean sartu auzotarren erkidegoan eta, horrenbestez, ezin dituzte baliatu guztientzako eremuak, hala nola lorategiak, parkeak, aparkalekuak, igogailuak, igerilekuak, eskailerak eta abar. Horren inguruan, nola joka dezakegu ekitatez?

Administrazio-dilema horren ondorioz, auzotarren artean gatazkak sor daitezke, baina finkaren eraketa-tituluak kontsultatzen badira, halako liskarrak saihestu daitezke.

Nabarmentzekoa da honako hau: jabekidetzaren eraketa-tituluan edo estatutuetan bildu behar dira gastuei, konponketei eta partaidetza-kuotei buruzko arazoak, baita ordainketa-salbuespenak ere, horien arrazoi bakarra izanik finkatzea zenbait zerbitzu ezin dituztela erabili jabe batzuek eta zuzeneko zer eragin izan ditzakeen horrek. Horri dagokionez, lokalaren jabeak ez baditu zenbait eremu erabiltzen, auzotarren erkidegoko barne-arauen bidez egindako bizilagunen biltzar nagusi batean bidezko zifra jakin bat erabaki daiteke, jabe horrek baliatzen dituen oinarrizko zerbitzuak bakarrik ordaintzeko balioko duena.

Horri dagokionez, argindarra, ura eta telefonia-sarea izan ohi dira oinarrizko zerbitzu horiek. Baina, ez eraketa-tituluan ez estatutuetan ez bada argi geratzen saltokien jabeek zer kuota ordaindu behar duten, auzotarren batzarrean adostu behar da establezimenduen jabeek jabekidetzaren kuota osoa ordaindu behar duten edo, aitzitik, soilik zerbitzu jakin batzuk ordaintzeko zenbateko bat.

Nolanahi ere, aurreko bideetako ezeinek ez badu lokalaren jabea salbuesten jabekidetzak adostutako kuota ordaintzetik, saltokiaren jabeak kuota hori ordaindu beharko du, bizitoki multzoko beste edozein jabek bezalaxe, Jabetza Horizontalaren Legean xedatzen den bezala, eta inolako salbuespenik gabe. Horrenbestez, gaizki-ulerturik gerta ez dadin, gomendagarria da eraikin batean saltoki bat muntatu baino lehen, finkaren presidenteak edo administratzaileak jabeei zehaztea ordaindu beharreko zenbatekoak zein diren eta zenbateko horiek zer ordaintzeko erabiltzen diren.

Azkenik, egokitzat jotzen da bizitoki multzoaren eraketa-tituluak eta barne-estatutuak indarrean izatera presatzea auzotarren erkidegoetako presidenteak edo administratzaileak; izan ere, hala eginez gero, eraikinaren alderdi ekonomikoekin eta/edo teknikoekin lotutako faltak egiteko arriskua nabarmen gutxitzen da. Gainera, auzotarren eta jabekidetzaren arteko harremana harmoniatsua izan dadin, lokalen jabeek zuhurtziaz jokatu eta erkidegoaren barne-arauak bete beharko lituzkete.