como-se-declara-un-alquiler

Nola aitortu alokairua?

Alokairuek hazkunde nabarmena izan dute Espainiako higiezinen munduan; familien % 20 inguruk errentamenduari onura handi samarra ateratzen diotela estimatzen da. Nolanahi ere, eta gure herrialdean oso ohiko bilakatu den arren, pertsona askok ez dakite Ogasunaren aurrean zer zerga ordaindu behar dituzten, ezta legean bestelako zer tasa eta bonu jasota dauden ere. Horregatik, hain zuzen ere, errentatzaile izan nahi baduzu, komeni zaizu Estatuarekin zer erantzukizun izango dituzun pixka bat ikertzea.

Baten batek ez baleki, zergak lurralde jakin bateko biztanleek dituzten betebeharren barruan sartzen dira; Estatuko erakunde ofizial bat arduratzen da diru-bilketa horretaz, eta guk zenbateko jakin bat ordaindu beharko diogu denbora tarte jakin batean izandako diru-sarreren arabera. Biltzen duten zenbateko hori Estatuak eskaintzen dizkizun zerbitzuetan inbertituko da, eta administrazio publikoaren jardunera ere bideratuko da; hala bada, guztion zergen bitartez ospitaleak, poliziaren burutzak, suhiltzaileak, kaleak eta etorbideak mantentzen eta proiektu berriak eraikitzen dira, besteak beste.

Horregatik arras garrantzitsua da tributuak ordaintzea eta behar den garaian dagozkion aitorpenak egitea; gainera, zintzotasunez egin ezean, baliteke horrek diruzko edo espetxe arloko zehapenak ekartzea, auziaren munta zenbatekoa den. Aztergai dugun gaiari berriz helduta, etxejabe batzuek alokairua aitortzea ahazten dute, eta horrek arazoak dakarzkie Ogasunarekin eta maizterrekin. Ez arduratu; jarraian, dagokien denboran zer zerga ordaindu behar diren adieraziko dugu.

Maizterrari dagozkion zergak

Etxejabeak ez dira, ordea, tributuak ordaintzeko betebeharra duten bakarrak, maizterrek ondare-eskualdaketen gaineko zerga (OEZ siglekin ezaguna) eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zerga (EJD) ordaindu behar dituzte eta. Zenbaiten ustez, etxebizitzen salerosketetan baino ez dira nahitaezkoak karga horiek, baina alokairuetan ere ordaindu behar dira, tributuei buruzko legeak kostu bidezko nolabaiteko eskurapentzat hartzen baitu alokairuan bizitzea.

Maizterrek, halere, behin baino ez dute ordaindu beharko zerga hori, alokairuak irauten duena irauten duela. Ordainketa, baina, errentamendu-kontratua sinatu ondorengo 30 egunetan egin beharko da, eta dagoen autonomia-erkidegoak erabakiko du zergaren zenbatekoa. Zergak, halaber, atzeraeraginezko ondoreak ere baditu; hau da, kontratu berrietan zein aurretik egindakoetan aplikatu beharko da. Enpresen edo profesionalen alokairuak, berriz, OEZ ordaintzetik salbuetsita daude.

Errentatzaile edo etxejabeari dagozkion zergak

Etxebizitza-alokairuak sortutako diru-sarrera guztiak Ogasunean aitortu behar dira pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren (PFEZ) bitartez, «kapital higiezinaren etekin» gisa aitortuta. Ordaindu beharreko zenbatekoa zehazteko, gastu kengarriak kenduko zaizkio alokairuaren kontzeptuagatik lortutako zenbatekoari, eta kopuru horretan, gainera, zenbait kenkari ere aplikatu ahal izango dira, kasuaren arabera. Etxebizitzak alokairuan jartzeko pizgarri dira onura horiek.

Etxebizitzen errentamendua jarduera ekonomiko gisa egiten bada, halaber, sortutako diru-sarrera ez da «kapital higiezinaren etekin» gisa aitortuko, jarduera ekonomiko gisa baizik, eta horrela aitortuko da errentaren berariazko atalean. Alokairua horrelakotzat har dadin, baina, pertsona bat enplegaturik egon beharko da toki horretan, eta lan-kontratua eduki beharko du, baita lanaldi zehatza ere.

Ordaindu behar al da BEZa etxebizitzen alokairuan?

Erantzuna ezezkoa da. Alokairu arrunta bada, halere, toki horretan ostalaritzaren berezko zerbitzu batzuk egiten badituzte, hala nola tokia zein arropa garbitzea eta izarak aldatzea, lan horiek errentatzaileak edo haren langile batek egiten baditu maizterra etxebizitzan ostatuz dagoenean, bada, zerga hau ordaindu beharra egongo da. Era berean, BEZa ere ordaindu beharko dute beren higiezina erabilera mistoarekin baliatzen dutenek; etxebizitza eta lanbide-espazio gisa, alegia.

Kontu handia izan behar da azken horrekin, orobat. Izan ere, maizterrak jarduera ekonomikoren bat egiten badu eta administrazio-kudeaketari eragiten badio (abokatuak, arkitektoak, ingeniariak, kontuzainak, besteak beste), baliteke etxejabeak higiezinari sortutako BEZarekiko erantzukizun subsidiarioa izatea, etxebizitza gisa bakarrik erabili ordez higiezin misto modura erabiltzeagatik.

Etxebizitzak turismo-xedez alokatzea

Azkenaldian ugaritu egin dira xede hori duten alokairuak, gehienbat Espainian izandako turismo-olatu handia dela eta. Horrelakoetan, higiezina dagoen autonomia-erkidegoak ezarritako tasa ordaindu beharko da eta, gainera, baliteke etxejabeek turismo-establezimenduetako egonaldien gaineko zerga deritzona ere kobratzea maizterrei, baina hori ez da era uniforme batez Espainia osoan aplikatzen; horregatik, aztertu beharko duzu zure erkidegoak zer baldintza jartzen dituen etxebizitza bat turismo-etxebizitzatzat har dadin.

Artikulu honen gaineko zalantzarik baduzu, iruzkinen atalean duzu adierazteko aukera. Halaber, informazio garrantzitsu honen berri sare sozialen bitartez ere eman dezakezu.