Nola berreskuratu alokairuan dudan etxebizitza, bertan bizitzeko?

Jabeak etxebizitza behar badu berak edo bere familiak erabiltzeko, Legeak etxea berreskuratzeko aukera ematen dio, baldin eta etxebizitza alokairuan urtebete baino gehiago egon bada. Ez dira, beraz, alokairu-kontratuan zehaztutako urteak nahitaez igaro behar. Hori bai, jabeak, berak edo bere senideren batek behar izanez gero, etxebizitza eskatzeko aukera izango duela zehaztu beharko da baldintzetan.

Zein eratara jakinarazi behar zaio maizterrari etxebizitza utzi behar duela?

Jabeak gutxienez 2 hilabeteko aurrerapenarekin egin beharko dio jakinarazpena maizterrari. Hala, maizterra etxebizitza ematera derrigortuta geratuko da, aldeek bestelako eperik adostu ezean.

Zer gertatzen da errentatzaileak epez kanpo egiten badio jakinarazpena maizterrari?

Errentatzailearen jakinarazpena berandu badator, esaterako, lehen kontratu-urtea amaitu baino hilabete lehenago bidaltzen bada, maizterrak eskubidea izango du alokairua urtebetez luzatzeko.

Jabeak jarraitu beharreko prozesua

Prozedura zuzen egiteko, ez da aski jakinarazpena egitea, etxebizitza-premiaren frogagiriak ere aurkeztu behar baitira. Nahitaezkoa ez, baina gomendagarria da jabeak eta maizterrak agiri batean izenpetzea abisu-dataren eta errentariak etxe-uztearen arrazoiak ezagutzeko duen eskubidearen inguruko zehaztapenak.

Jabeak zein kasutan berreskura dezake etxebizitza premiagatik?

Errentatzaileak kontratuaren nahitaezko luzapena gertatzea edo kontratuak gutxieneko hiru urteko iraupena izatea ekidin dezake Legeak zehaztutako kasu jakin batzuetan.

  • Jabeak etxebizitza behar badu bere bizileku iraunkorra izateko.
  • Jabeak etxebizitza behar badu lehen mailako odol-ahaideren baten edo, banantze-epai irmorik badago, bere ezkontidearen bizileku iraunkor edo ohikoa izateko.

Itzul al daiteke maizterra etxebizitzara jabea bertan bizitzen jartzen ez bada?

Errentatzaileak edo bere familiak ez badute etxebizitza bizilekutzat hartzen hiru hilabete baino lehenago, maizterra etxebizitzara itzuli ahal izango da edo kalte-ordainak eskatu ahal izango ditu. Horretarako, 30 eguneko epea izango du.

  • Etxebizitzara itzultzea; maizterrak beste errentamendu-kontratu bat eska dezake, 3 urteko iraupena ere izan dezakeena, eta lehenagoko baldintza berberak. Gainera, kalte-ordainak eska ditzake etxea utzi behar izateagatik.
  • Kalte-ordaina eskatzea; errentariak hileko kuota baten kopuru baliokidea jasoko du kontratua amaitzeko geratzen den urteko, eta gehienez ere hirurena.

Maizterrak ez du etxebizitzara itzultzeko edo kalte-ordaina eskatzeko eskubiderik izango, jabea edo bere familia etxebizitzan bizitzen ez badira jarri ezinbesteko kasu baten ondorioz.

Informazio hau lagungarria suertatu bazaizu, parteka ezazu sare sozialetan.