Zein eskubide ditu maizter batek jabeen bileretan?

Maizterra izatea zaila gerta dakieke batzuei; izan ere, haiena erabat ez den etxebizitza batean bizi dira, eta ezin dute haren gaineko erabaki garrantzitsurik hartu. Egoera murriztailea da, eta hala eraman behar da, baldin eta bakarrik bizi nahi bada eta ez badago diru aski norberaren etxebizitza erosteko. Errentamenduaren onuretako bat da jabearen eginbeharretako batzuen gainean ardurarik ez izatea, hark bete beharko baititu, Espainiako legeria betez.

Alabaina, horrek ez du esan nahi maizterra erantzukizunik gabea denik jabeen kidegoaren aurrean; jabeen kideen estatutuetan jasotako eginbehar eta betekizun guztiak bete beharko ditu. Bestela esanda, maizterra jabe ez izateak ez du esan nahi eraikineko bizitzatik kanpo dagoenik.

 

Jabearen eta maizterraren artean egon daitezkeen gaizki-ulertuak

Etxebizitza bat alokatzeari buruzko gomendio nabarmenenetako bat da etxebizitzaren jabearekin harreman etengabea izatea; kontua ez da adiskideak izatea, adiskide minak, eta betiko, baizik eta begirunezko harremana eraikitzea, zein bere erantzukizunen eta eginbeharren jakinaren gainean egonik.

Tamalez, ez da beti hala, eta gaizki-ulertuak egoten dira maiz.

 

Erosketa eta ordainketa seguruak

Errentamendu ororen arazoetako bat da, gehienbat balio ekonomiko handiko higiezinetan. Horrelakoetan, maizterra ziur dago jabeak baduela nola edo halako asegururen bat, berak edo bere ondasunetako batek jasandako kalte oro barnean hartzen duena, eta jabeak, berriz, uste du maizterrak aseguru bat kontratatzen badu, estalduraren pean egongo dela bere ondasun oro. Horiek horrela, egin ditzagun hiru azpimarra:

  1. Maizterrek eta jabeek ez dituzte aseguru berdinak kontratatzen; alegia, ez dituzte arrisku berak estaltzen.
  2. Errentariak kontratatzen duen aseguruaren estaldurak ez du inola ere barnean hartuko errentatzailearen etxebizitza; soilik bere ondasunak.
  3. Jabeak kontratatzen duen aseguruaren estaldurak bere higiezina hartuko du barnean, ez maizterraren ondasunak.

Labur esanda, nork bere asegurua kontratatu behar du norberaren ondasunak babestuta egon daitezen. Arazo ohikoa bihurtu denez, azken hiletan gaia arautu da errentamendu-kontratuaren barnean klausula berezi bat txertatuta, eta egoeraren zehaztapenak eginda. Era horretan, nork bere ondasunak babesten ditu eta gaizki-ulertuak ekiditen dira.

 

Etxebizitzan egin beharreko obrak

Jakina denez, maizterrak higiezinari aldaketak egin ahal izateko jabearen baimena beharko du. Gainera, etxebizitza kokatuta dagoen eraikineko jabeen bileran ezarritako arauen arabera egin beharko da, eta, noski, obrak egiteko behar diren baimenak izango ditu.

Eraikuntzako betekizun legal eta teknikoetako baten bat urratuz gero, hala maizterra nola jabea izango dira erantzuleak jabeen kidegoaren aurrean zein estatuaren aurrean (administrazio publikoak ordezkatua).

Egiatan, gero eta gutxiagotan gertatzen dira horrelakoak, gainerako jabeek etxebizitza horren jabearekin duten harreman etengabeari esker. Hala, maizterrak jabearen baimenik gabe bat-bateko aldaketak egin ahal izatea ekiditen da.

Gainera, kontuan hartu behar da konponketa txiki oro errentariaren kontura izango dela; higiezinaren konponketa handiak, berriz, errentatzaileak ordainduko ditu.

 

Jabearen eta maizterraren eskubideak jabeen bileran

Zehaztapen garrantzitsua da hau: edozein erabaki hartzeko eta jabeen bilerari loturiko edozein ekintzatan parte hartzeko eskubidea duen pertsona bakarra etxejabea da, maizterrak etxejabeak baimena emandako gaietan bakarrik hartu ahal izango du parte. Bestela esanda, bilera-deialdia jasoko duena jabea izango da beti, baita erabakien gaineko iritzia eta botoa emateko eskubidea izango duena ere.

Alabaina, maizterrak badu lege-babesik, eta komunitateari kalte eta galerak erreklamatu ahal izango dizkio, bileretan hartutako erabakiren batek kaltetzen badu, Espainian indarrean dagoen jabetza horizontalari buruzko legearen 10. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Gerta daiteke jabeari ezinezkoa suertatzea bilerara joatea; horrelakoetan, maizterrari eskuordetu ahal izango dizkio ardurak eta eskubideak, bere izenean balia ditzan.

Erabaki hori idatziz jasota geratu beharko da, jabeen kideen artean gaizki-ulerturik egon ez dadin. Eskuordetzea egin ondoren, maizterrak jabearen eskubide berberak izango ditu, baita debeku berberak ere; hau da, jabeak ezin bazuen botorik eman berankorra izateagatik, maizterrak ere ezingo du botorik eman, iritzia bai ordea, jabeak ere ahal izango zukeelako.

Zalantzarik baduzu, adierazi iruzkinen atalean. Gainera, informazio baliotsu hau sare sozialetan partekatzeko gonbita egiten dizugu.