Qué es mayoría simple en una comunidad de vecinos

Zer da gehiengo soila, auzotarren erkidegoan?

Espainiako ia biztanle guztiek dakite zer diren auzotarren erkidegoak. Oro har, eraikin bateko jabe guztiek egiten dituzten bilerak dira, eta Jabetza Horizontalaren Legean eta beste araudi batzuetan xedatutakoari jarraitzen diote. Batzuek ez dute gustuko bileretara joatea, uste baitute garrantzi gutxiko gaiez hitz egiten dela; edo, besterik gabe, ez dute denborarik horietara joateko. Bestalde, bileretan parte hartzen duten askok ez dakite ondo alderdi juridikoan zer ondore sortuko dituzten bertan hartzen diren erabakiek.

Horri dagokionez, kontu handia izan behar da, ondorio juridikoak desberdinak baitira bilerara joan bazara edo joan ez bazara. Ondorioak askotarikoak izan daitezke, baita ere, jabeek bileretan parte hartu arren hartzen diren erabakien alde edo kontra bozkatzen badute edo botorik ematen ez badute. Halaber, ez dakite zenbat boto behar diren erabakiak onartu edo ez onartzeko, eta hori ezinbestekoa da erkidegoaren barruan aurrera egin ahal izateko.

 

Jabekideen batzarra deitzeko prozedura

Gutxienez, urtean behin egin behar dira bilerak. Legea beti ahalegintzen da batzar mota horiek ezartzen, erabakiak auzotarren artean hartzen laguntzen baitu, eta, hala, erkidegoan bizitza osasungarria berma dezaketelako eta eraikinetako espazio fisikoak ondo manten ditzaketelako. Beraz, tresna oso baliagarria da jabetzarekin lotutako arazoak auzotarrek beraiek konpontzeko.

Batzarrak egiteko, ez da gutxieneko quorumik behar. Hau da, ez da beharrezkoa jabe ugarik parte hartzea, jabe bakar batek ere osa baitezake batzarra.

Batzarrean eztabaidatuko diren gaiak, bai eta horren inguruko erabakiak ere, gai-zerrendan ezarriko ditu erkidegoko presidenteak, eta auzotarrei eman beharko zaizkie, idatziz, bilera egin baino askoz lehenago.

Erabakiak hartzeko bozketa-sistema gehiengo soileko sisteman oinarritzen da. Aipatu beharra dago batzarra osatu ondoren, jabe guztiei jakinarazi behar zaiela nork eman ahalko duen botoa eta nork ez. Erkidegoko ordainketak garaiz egiten ez dituenak, alegia, berankor batek, hitza izango du batzarrean, baina ezingo du ez aldeko ez kontrako botorik eman bozkatuko diren erabakiei dagokienez.

Baina askok ez dakite ondo zer adierazten duen gehiengo soilak: erabaki batean bestean baino boto kopuru gehiago lortzean datza; besterik gabe, beste aukera batzuek baino boto gehiago izatea.

 

Gehiengo soilaren inguruko zalantzak

Ez da dirudien bezain erraza, jakin behar baita zenbat jaberi eragiten dien gehiengo soilak eta bozketa nola egingo den. Gainera, zenbaketa bikoitza egin daiteke erabakiak hartzean, eta horregatik izan daiteke apur bat konplexua jabe batzuentzat.

Lehen aipatu dugun moduan, berankortasun-egoeran daudenek ezingo dute botorik eman; eta, beraz, ez dira zenbatuko, ezta ere, gehiengo soila kalkulatzeko. Era berean, legezko araudiaren ondorioz, are gehiago mugatzen da kantitatea; hau da, gehiengo soila ez da batzarrean dauden jabe kopuruaren edo eraikinean bizi direnen araberakoa izango, bozketan parte hartzen ari direnen araberakoa baizik.

Bestalde, askotan gertatzen den moduan, batzarrean parte hartu duen eta bozkatu dezakeen jabe batek bozketan parte hartzen ez badu, ez zaio kontuan hartuko gehiengo soilean.

Adibidez, Y eraikinean 50 jabe daude; batzarra egin da X gaiaren inguruan hitz egiteko, eta ondorioan, A eta B aukeren artean hautatu beharra dago. Bileran 30 jabek parte hartu dute; horietatik 23 kaudimendunak dira, eta 7, berankorrak. Bozketan, soilik 20 jabek parte hartu dute, eta gehiengo soila erabaki horietako baten aldeko 11 botokoa izan da, hots, erdia gehi bat.

Aurreko adibidean, gehiengo soila kontatzeko lehenengo era adierazi da; bigarrena, aldiz, gehiengo soila gainditu behar duten partaidetza-kuotei dagokie. Sistema berezi horrek ere partaidetza-kuota txikiko gehiengoetan eta partaidetza-kuota handiko gutxiengoetan abusua ekiditeko balio du.

Laburbilduz, auzotarren erkidego bateko gehiengo soila lortzen da botoek eta partaidetza-kuotek aukera baten barruko kopurua gainditzen dutenean, eta puntu jakin baten inguruko adostasuna lortzeko, bi zenbaketak handiagoak izan eta eskutik joan behar dira. Horrela, auzotarren erkidegoan bizikidetza osasungarria izateko demokrazia osoa eta segurua bermatzen da.

Zalantzarik baduzu, adierazi iruzkinen atalean. Era berean, gai honen berri izatea baliagarria izango litzateke zure ezagunentzat, beraz, sare sozialetan partekatzeko gonbita egiten dizugu.