Zer da jabetza-erregistroa?

Herritar guztiek ezagutu beharko lituzkete bizi diren herrialdeko erakunde publikoak, herritarren oinarrizko kulturaren parte baita hori. Horrela, legearen arabera bizitzeko aukera dugu, agintariekin arazorik izan gabe, eta gainera etorkizunean egin beharreko balizko izapide batzuk errazagoak izango dira. Espainiaren kasuan, higiezinen inbertsioak goraldi nabarmena izan du azken urteotan, eta horren ondorioz ugaritu egin dira jabetza-erregistroan egiten diren prozedurak ere. Hala ere, herritar askok ez dute ezagutzen zein de erakunde horren funtzio baliotsua, eta ez dakite higiezinekin lotutako zer izapide gauzatu ditzaketen bertan.

Jabetza-erregistroa 1768an agertu zen lehen aldiz Espainian, Karlos III.a erregeak kontularitzari eta hipotekekin lotutako beste ofizio batzuei buruzko araudi bat antolatu eta ezarri zuenean. Gaur egun, Espainiako Kode Zibilaren 605. artikuluaren arabera Jabetza Erregistroaren helburua da «ondasun higiezinen gaineko jabariari eta gainerako eskubide errealei buruzko egintza nahiz kontratuak inskribatzea edo horien idatzoharra egitea». Hau da, estatuaren erakunde horren xedea da Espainian dauden espainiar edo atzerritarren ondasun higiezin guztien eskubideei buruzko dokumentazioa eramatea.

Bertan izapidetzen dira Espainia barruan dauden finka, etxe, eraikin, lurzati, apartamendu eta bestelakoei buruzko eskubideak. Bestalde, ondasun horiei dagozkien eskubide errealak interesdun bakoitzak eska ditzakeenak dira. Horiek hipotekak, enbargoak edo salerosketak izan daitezke, besteak beste.

Jabetza-erregistroaren ezaugarriak

  • Estatuko erakunde bat dira, Justizia Ministerioaren Erregistroen eta Notariotzaren Zuzendaritza Nagusiak zuzentzen ditu jabetza-erregistroaren aferak.
  • Izaera publikoa dute; horrek esan nahi du edozein interesdunek jo dezakeela bertara ondasun higiezin baten egoera zein den ezagutzeko.
  • Edozein eskubide erreal inskriba daiteke bertan (jabaria, erabilera, biztantzea, usufruktua, zorrak, erroldak, salerosketa, hipotekak, atzera eskuratzeko eskubidea, eta abar).
  • Pertsona natural edo juridikoen gaitasunen aurkako egintzak ere gauzatu daitezke, higiezin edo eskubide erreal bat badute eta beraiek badira horien titularrak. Hori egin daiteke enbargoa, hartzekodunen konkurtsoa edo bestelako neurri judizial baten ondorioz.
  • Erakundeak gutxitan egiten du lan ofizioz, jarduera gehienak alderdi batek eskatuta abiarazten dira.

Jabetza-erregistroan lor daitekeen informazioa

Lehen esan bezala, edozein interesdunek eska dezake bere intereseko informazioa erakunde honetan, higiezin bati buruzkoa edo horrekin lotutako eskubide erreal bati buruzkoa baldin bada. Horrela, informazio hauek eska daitezke jabetza-erregistroan:

  • Higiezinaren deskribapen fisikoa; bertan sartzen dira ezaugarri orokorrak, kokaleku zehatza, neurriak eta inguruko beste higiezin batzuekin dituzten mugak.
  • Titularraren datuak; jakina, higiezina edo eskubide erreala inskribatu zuen pertsonari dagozkionak.
  • Higiezinaren egoera juridikoa, gehien bat kargaren bat daukan jakiteko (hipoteka bat edo enbargo bat, besteak beste).

 

Gomendagarria da Espainian ondasun higiezin bat erosteko interesa duen edozein eroslerentzat dagokion herriko jabetza-erregistrora joatea aurrena, horrela erosleari eta higiezinaren egoera fisiko zein juridikoaren inguruko informazio guztia lortzeko. Horrela, iruzurrak saihestuko ditugu, bai eta ondasunaren gaineko enbargo edo hipotekaren baten ondorioz sor daitezkeen gaizki-ulertuak ere.

 

Informazioa eskatzerakoan

Interesdunek ez dute interesa frogatzeko dokumenturik aurkeztu behar beren ondasun propioei dagokienez, erakundeko funtzionario publikoek gauza frogatutzat joko baitute hori. Bestalde, informazio-eskaria hirugarren baten ondasun edo eskubideei buruzkoa bada, informazio hori eskuratzeko interes zilegia frogatu beharko da. Puntu horri dagokionez, erregistratzaileak uko egiteko eskubidea du nahiko arrazoirik ez dagoela uste badu. Uko egite hori funtzionarioak berak justifikatu beharko du.

 

Bi informazio mota lor daitezke jabetza-erregistroan:

  • Idatzohar sinpleak: Informazioa emateko dokumentuak dira. Bertan jasotzen dira higiezinaren deskribapena, titularra eta kargak. Dokumentu hori informazioa emateko tresna bat baino ez da, baina ez du ondasunaren inskripzioari buruzko federik ematen. Bestela esanda, ez du balio juridiko propiorik.
  • Ziurtagiria: Aurrekoak bezala, ondasun higiezinari buruzko datu guztiak ditu, baina gainera frogagiri gisa aurkez daiteke estatuko edozein epaitegi, organismo edo erakunderen aurrean. Horretaz gain, erregistratzailearen sinadura du, dokumentuaren fede publikoa emanez.

Jabetza-erregistroan erregistratzeko betebeharra

Espainiako legeriaren arabera, ez da nahitaezkoa etxebizitzak edo bestelako higiezinak jabetza-erregistroan erregistratzea, ez eta horiei lotutako eskubideak ere. Horrek esan nahi du borondatezko egintza bat dela edozein pertsonarentzat bere jabetza-eskubidea edo higiezin batekin lotutako eskubide errealak erregistratzea.

Hala ere, inskripzioa egiten denetik aurrera epaitegiek babestutako segurtasun juridikoa izango du, eta egiazkotzat jotzen da erregistroan jasota dagoen oro.

Era berean, salerosketa-kontratuen kasuan, erakunde honetan inskribatuta eta erregistratuta errazagoa izango da prozedura guztia, Gainera, posible da kostu txikiagoan egin ahal izatea izapide batzuk, erregistrorik gabe ordaindu beharko litzatekeenarekin alderatuta. Hitz gutxitan, erregistratzearen abantailak bizkortasuna, segurtasun juridikoa eta ekonomia hobea dira.

Iruzkinen atalean gaiaren inguruko edozein ohar idatz dezakezu. Ez ahaztu artikulu hau zure sare sozialetan partekatzeaz.