Que-es-un-activo-inmobiliario

Zer dira aktibo higiezinak?

Finantzaketa ezinbestekoa da edozer enpresa sortzeko eta enpreson zuzendariek buruan dituzten plan eta proiektuak garatzearen bidez aurrera egiteko. Eskaintzen dituzten ondasunen eta zerbitzuen bidez lor daiteke behar den likidezia, baita banku-kredituen eta zor-jaulkipenen bidez ere, besteak beste. Nolanahi ere, batzuetan, metodook denbora behar izaten dute aberastasuna sortzeko eta finantza-karga oso arriskutsu bat gain hartzea dakarte. Hori horrela, beharrezkoa izaten da likidezia denbora-epe motz batean lortzeko moduren bat bilatzea. Hortxe sartzen da jokoan enpresa baten aktibo higiezina finantzazio-modu gisa.

Honela defini daitezke aktibo higiezinak: enpresa jakin baten ondasun higiezinak, jabeen aukeran daudenak aberasteko edo finantzatzeko iturri gisa erabiltzeko. Edo, beste era batera esanda, irabazi-iturri bat dira enpresa baten ondarearen barruan.

 

Aktibo higiezinen ezaugarriak

  • Ondasun higiezinak dira, toki zehatz batean existitzen direnak.
  • Enpresaren kontabilitatearen barruan daude, sarrera-iturri gisa.
  • Zorrik badago, edozer ordainketa mota bermatzeko erabiltzen dira. Gainera, irabaziak sortzeko erabilgarriak dira, dela horiek saltzearen, errentatzearen edo titularizatzearen bidez.
  • Heterogeneoak dira, beraz zaila da beste aktibo batzuekin alderatzea merkatuko balorazioa dela eta. Horrek, bada, herrialde batean sor daitekeen inflazioaren babesa ekar dezake eta, horrela, errenta onuragarriagoak lortu.

Aktibo higiezin motak

  • Bizitegia: Aldi baterako ostatu edo ostatu iraunkor gisa baliatuko direnak dira: etxeak, apartamentuak edo bizileku-multzoak.
  • Bulegoak: Zenbait jarduera (administratiboak, finantzarioak, informaziokoak, teknikoak, eta abar) garatzera bideratutako ondasun higiezinak dira.
  • Merkataritza: Oro har publikoari zerbitzua emateko helburua dute: dela merkataritza-lokal gisa erabiltzeko, dela merkataritza-gune handi gisa erabiltzeko.
  • Industriala: Aktibo higiezin mota honen helburua da edozer motatako produktu materialak eraldatzeko, konpontzeko, egiteko, biltegiratzeko eta banatzeko jarduera mota guztiak maneiatzea.
  • Lurzorua: Denetan sinpleena da. Etorkizun jakin batean eraikinen bat eraikitzeko behar diren baldintza fisiko guztiak betetzen dituen lursail bat da.

 

Erabilgarria al da aktibo higiezin bat edukitzea?

Enpresa guztiek izan dute edo dute haientzat berezia izan den jabetza motaren bat; esate baterako, jarduera nagusi guztia egiteko erabiltzen dituzten bulego nagusiak edo korporazioko zuzendariek inauguratu zuten lehen higiezina, besteak beste.

Posizio estrategiko batean kokatutako ondasunak ere izan daitezke. Horiek, bada, zenbait onura monetario ematen dizkiete, eta horien ezaugarriek balio ekonomikoa ematen dute. Kasua gorabehera, ondasun higiezinok enpresaren likidezia handitzeko erabiltzea onuragarria izango da enpresak dituen ordainketak eta gainerako zorrak kitatzeko. Gainera, inbertsio gehiago egiteko ere erabiltzen dira, aurreko ondasunek baino diru-sarrera gehiago ekarriko dituztenak.

Ideia berari jarraituz eta aurreko galderari erantzunez, etengabe hazi nahi duen edozer enpresak guztiz ezinbesteko ditu aktibo higiezinak. Kontua ez da soilik ondasunak erabilgarri izateari uzten diotenean edo irabazirik ez dakartenean saltzea; aitzitik, estrategia erabilgarriak garatzea da enpresa ororen helburua, hartara, dituzten aktibo higiezinei ahalik eta etekinik handiena atera ahal izateko.

Nolanahi ere, jabeek, bazkideek eta/edo zuzendariek batzuetan ez dute aktibo higiezinak modu optimoan aprobetxatzeko ekintza-plan bat ezartzeko nahikoa ezagutza; alegia, ez dakite zer finantzaketa-alternatiba izango den onuragarriena (hipoteka-kredituak, zerbitzuak hirugarren sektorera eraldatzea eta zorrak kokatzea, besteak beste).

Aktibo higiezinak finantzaketa-iturri garrantzitsua izan daitezkeenez, enpresa guztiek aholkulari aditu bat izatea gomendatzen da; alegia, enpresaren ezaugarri guztiak, beharrak, indarguneak, desabantailak eta aukerak ezagutzen dituen profesional bat.

Aktibo higiezin batean inbertsio txar bat egiteak galera handiak ekar diezazkioke edozer enpresari, eta horietako baten bat saltzeak efektu bera izan lezake merkatuaren egungo eta etorkizuneko elementuak aintzat hartzen ez badira.

Errentagarritasun handiena ematen duen aktibo higiezina

Herrialdearen araberakoa izango da; izan ere, baldintza ekonomiko, sozial eta politikoak onuragarriak edo kaltegarriak izan daitezke aktibo higiezin mota jakin baterako. Espainiaren kasuan, zenbait adituk uste dute aktibo industrialek errentagarritasun handiagoa dutela. Dena dela, herrialdearen barruan duten kokalekuaren mende egongo da hori. Era berean, bulegoak eta industrialak, biak ala biak, dituztenek gainerakoek baino errentagarritasun handiagoa izan ohi dute.

Bestalde, batzuen ustez, merkataritzara bideratutako aktibo higiezinak (hotelak nahiz merkataritza-guneak) bigarren postuan daude errentagarritasunari erreparatuta; izan ere, inbertitzaileek inbertsio gehigarriak egiten dituzte etengabe zerbitzuaren produktibitatea eta kalitatea handitzeko.

Bizilekurako aktibo higiezinak, kasu, zenbait faktoreren araberakoak dira: etxebizitzaren egoera, kokalekua eta berezko ezaugarriak. Halaber, salmenta-erritmoak direla eta, higiezin mota horren errentagarritasuna askotarikoa da. Horregatik, higiezinen merkatuen azterlan sakona egin beharra dago beti, irabaziak sor daitezkeen zehazteko.