Zer egin bizilagun berankorrekin?

Zer egin bizilagun berankorrekin?

Jabekideen erkidegoan bizilagun berankor bat baldin badago, Jabetza Horizontalari buruzko Legeak, JHL deiturikoak, bete beharreko prozedura planteatzen du 21. artikuluan, «Prozedura monitorioa» izenekoan. Jabeak JHLren 9. artikuluko «e» eta «f» letretan finkatutako betebeharrak betetzen ez baditu erabiliko da artikulu hori. Kasu horietan, erkidegoko presidenteak edo administratzaileak organo jurisdikzionaletara jo ahal izango du prozedura hori ireki dadin eskatzeko, betiere aurretik jabekideen batzarrak hala erabakiz gero.

Prozedura horren bitartez, hartzekodunak –jabekideen erkidegoa– zordun berankorrari zor duen kopurua ordaindu dezan erreklamatzeko eskatuko dio epaitegiari. Gehienez ere 250.000 € erreklamatu daitezke. Funtsezko baldintza honako hau da: zorra likidatzea erabaki den batzarraren ziurtagiria edukitzea, idazkariak sinatua, presidentearen oniritziarekin, eta erabaki hori eraginpeko jabeei jakinarazita izatea.

Era berean, erreklamatutako kopuruari ordaintzeko aurretiazko errekerimenduaren gastuak erants dakizkioke, erreklamazioa egin dela frogatzen duten agiriak eskaerarekin batera aurkezten badira. Zordunak prozesu monitorioko hasierako eskaerari aurka egiten badio, hartzekodunak erreklamatutako kopuruari, interesei eta kostuei aurre egiteko behar bezainbeste ondasunprebentzioz enbargatzekoeskatu dezake. Auzitegiak erabaki hori har dezake, hartzekodunak kauziorik eman behar izan gabe, baina zordunak enbargoa ezerezean utzi ahal izango du, dagokion kopuruaren pareko banku-abal bat aurkeztuz gero.

Erkidegoari zor zaizkion kopuruak erreklamatzeko abokatu- eta prokuradore-zerbitzu profesionalak kontratatu badira, zordunak horien parte-hartzearekin lotutako ordainsariak eta eskubideak ordaindu beharko ditu, bai zordunak ordaintzeko errekerimenduari erantzuten badio bai auzitegiaren aurrean agertuko ez balitz.

Erantzukizun solidarioa

Legeak mota horretako erantzukizuna ere finkatzen du. Horren arabera, aurreko jabeak zorraren ordainketari modu solidarioan erantzun behar badio, hasierako eskaera haren kontra zuzendu ahal izango da, hari gaur egungo jabearen kontra egiteko eskubidea ukatu gabe. Era berean, erreklamazioa erregistroan titular gisa agertzen denaren kontra zuzendu ahal izango da; hark ere aurretik adierazitako eskubide bera izango du. Halaber, hasierako eskaera betebeharra duen edozeinen aurka edo guztien kontra egin ahal izango da.